2018ko Aizkorrin Barrena ibilaldian orain arte igaro ez ditugun hiru paraje ezagutuko ditugu: Joarasgibel mendiaren ekialdeko magala, Aranandi baserri berriak daudena; Aizaleku mendia; eta Otaņu mendiaren ekialdeko magala. Antolatzaileon gogoa da urtero urtero ibiltariari gauza berriak erakustea, konturatu dadin gure inguruan, urrutira gabe, txoko ezezagun asko daudela. Orain arte lortu dugu baina, bistan da, denborarekin ibilitako parajeak errepikatu beharko direla.
Azken urteetan bezala, bi ibilaldiak, ttipittapak eta zanpazanpak, ibilbide berbera izango dute gune jakin batera iritsi arte. 11. kilometroan biak banatu egingo dira. Zati horretan, hain zuzen, Aranandi eta Aizaleku parajeak gurutzatuko dira. /p>
Brinkolatik hasi eta Kortaauzora joango gara. Hor, bidezidor batean gora egingo dugu eta laister ezkerretara egingo dugu Joarasgibel edo Gaintzabal magala aldenik alde zeharkatzeko. Aranandi baserri aurrien ondotik igaroko gara, baita duela urte gutxi eraikitako Aranandi baserri dotoreen aurretik ere. Aztiriko bidea gurutzatu eta, aldapa gogorrean, Aizalekuko gainera iritsiko gara. Bidean aurrehistoriako bi aztarnategi igaroko ditugu.
Ondoren Aztiri auzunera jaitsiko gara eta hortik Santa Marina eliza eta Aztiri erretegia dagoen auzunera. Azken auzune horren izen zaharra Loidi da. XVIII. mendean bertan benta bat eraiki zuten (Bentalegor) eta XIX. mendean eliza. Loiditik Otaņura joango gara Lenkaburu menditik. Otaņu mendiaren puntak Arriaundi du izena, seguruenik bertan historiaurreko aztarnategi bat dagoelako. Buelta guztian ikusmira zoragarria dauka.
Otaņutik Salibietara atzeko aldetik joango gara eta bertan Aizkorrin Barrenaren bi ibilbideak banatuko dira. Ttipittapak Brinkolarako bidea hartuko du, baina lehen aurreratu dugun bezala, orain arte zeharkatu ez den leku batetik, Otaņuerrekatik. Zanpazanpa ibilaldiak artean 18 kilometro geratzen zaizkio Aizkorri eta Aizkorrondoko inguru ederretatik.