Historia

Hastapenak

Elkartea ahalegin eta sufrimendu askoren ondoren 1972.eko Uztailaren 8an inauguratu zen. Aurrez, Legazpin, Korosti izeneko talde bat existitzen zen, OARGUIren (Obra Atlética Recreativa Guipuzcoana) barnean zegoena. Bertan ekintza ugari egiten ziren, hauetatik asko mendiarekin zerikusia zutenak. Elkartearen egoitza Patrizio Etxeberriaren ekonomatoa egin zen lokaletan zegoen eta, gerora, parrokiko lokaletara pasatu zen.

Legazpiar mendizaleek, baina, izaera juridiko propio bat izan nahi zuten, askotan desinformatuak sentitzen baitziren; Euskal Federazioa Donostian zegoen eta bileren berririk ez zuten jasotzen. Gainditu beharreko oztopoak, ordea, asko ziren eta, gehientsuenak, elizaren aldetik zetozen.

Lehen pausuak Endika Amilibiak eta  Periko Gabiriak eman zituzten. Azken honen etxean izandako bilera ugarietan, ideia hauek piskanaka gorpuzten joan ziren. Horrela, lokala erostea erabaki eta garai hartako 1463000 pezetako kreditu bat eskatu behar izan zen. Kreditua zenbait bazkideren ondasunekin abalatu zen.

Izadi Zaleak elkartearen inaugurazio eguna.

Izadi Zaleak elkartearen inaugurazio eguna.

Hurrengo pausuak burokratikoak izan ziren; estatutuak onartu behar ziren. Ia bi urte luze behar izan ziren hauen onarpenarentzako, justu garai hartan euskal federaziorik ez zegoelako eta Pako Iriondo aukeratu arte zain egon behar izan zutelako. Orduan,  Madrilen eta Euskal Herrian, estatutuak onartu ziren. Baina arazoak ez ziren hor amaitu, estatutuak Guardia Zibilaren kuartelean aurkeztu behar baitziren, Gobernu Zibilak baimena eman zezan. Estatutuak kuartelean denbora luzez geldituta egon ziren. Santik, Perikoren anaiak, ezagun bat zuen: Alzugaray. Honek estatutuak bideratzen lagundu zuen, baina estatutuek geldirik jarraitzen zuten. Azkenean, Alzugaray bera kuartelean agertu eta, hurrengo egunean, estatuek zigilu ofiziala zuten. Alzugaray ohorezko bazkide izendatu zuten.

Jarraian sorrerako zenbait anekdota aipatuko ditugu:

  • Hasierako bazkide bakoitzak sarrerako kuota bezala 1000 pezeta jarri zuen.
  • Guardia Zibilak, aitzakia desberdinak jarrita, hasieran aurkeztu ziren lehendakariak onartu ez zituenez, lehen lehendakaria Benjamin Soraluze izan zen.
  • Izadi Zaleak emakumeak onartzen zuen lehen elkarteetariko bat izan zen eta, segururenik, Euskal Herrian emakume bazkideak onartu zituen lehena.
  • Logotipoa prestatzen Endikak eta Perikok saiakera asko egin zituzten, orain duguna lortu arte. Logoaren egilea Jose Andueza izan zen.
  • Akta liburuari zigilua jartzeko, 1972ko udan, Batis Maiz Donostiara trenez eta, handik, Bergarako epaitegira autostop eginaz joan zen. Garai hartan, kotxe gutxi zirela kontu hartuta, bidaia oso luzea izan zen.
  • Inaugurazio eguna Jose Martin Mendinuetaren ezkontzaren egun berdinean izan zen. Horrela, jendea  bi ekitaldietan murgildurik ibili zen.
  • Elkartea sortu baino urtebete lehenago, elkarte moduan mendi irteerak egiten ziren. Aizkorrira egin zen lehena, Santa Teresako ikasleekin, arduraduna Maite Basabe zelarik.

Martxak

Izadiren historian martxa desberdin batzu antolatu dira:

  • 1989an Beteranoen Martxa Nazionala antolatu zen eta 121 taldeetako 1.605 mendizale bildu ziren. Antolakuntza guztiz arrakastatsua izan zen eta, gaur egun, mendizale beteranoen artean oraindik gogoratzen da Legazpiko martxa.
  • 1990an, aurreko urteko arrakastari jarraituz, familia martxa bat antolatu zen; 200 familiko 600 lagunek parte hartu zuten. Ibilbidea aurreko urteko berbera izan zen.
  • 1992an haurrentzako martxa neurtu bat antolatu zen, 599 partaiderekin.
  • 2000. urtean, haurrentzako beste martxa neurtu bat antolatu zen, 411 partaideeekin oraingoan.
Izadiren lehen mendi irteeretako bat.

Izadiren lehen mendi irteeretako bat.

Oroitzapenean

Mendian hil diren bi bazkide mendizale gogoratuko ditugu:

  • Joseba Alcelay: Olanon hil zena, 1970eko abuztuaren 2an. Irrist egin eta zuhaitz baten aurka jo zuen, bertan hilik geratu zelarik.
  • Javier Ezeolaza: Etxaurin hil zena 1977ko martxoaren 25ean. Eskalatu ondoren eroriko baten ondorioz hil zen.

Eskerrak

Periko Gabiriari eta Batis Maizi eskerrak eman nahi nizkieke, beraiek izan baitira atal honetako informazio eman dutenak. Hemen kontatzen dena guztiz egia ez bada, webmasterrak informazioa ondo ulertu ez zuelako izango da seguraski. Antonio Triguerori ere eskerrak eman behar dizkiot, 90eko hamarkadako argazki ugari ekarri baitzituen.

Pedro Gabiria, Pemba Tshering, Pasang Temba eta Antxon Burcio 1.981eko uztailean

Pedro Gabiria, Pemba Tshering, Pasang Temba eta Antxon Burcio 1.981eko uztailean